Baserriaren jatorria finkatzerakoan oso atzera joan beharko genuke eta gainera, oso zaila da data zehatza finkatzea. Baserria, unitate ekonomiko gisara jotzen badugu XII menderarte jo beharko genuke, harrizko eraikin gisara hartzen badugu aldiz (aurrez egurrezko txabolaren baten ahantzeko zerbait zelarik), baserritarren eraikina bezala, XV menderarte joaterkin nahiko genuke.
Euskal baserriaren ezaugarria da guztiek izen berezia edukitzea, agintariek eta bizilagunek aitortua eta historian zehar aldatzen ez dena. Horrek erraz identifikatzea ahalbidetzen du, baina batzuetan nahasketak sortzen ditu: ia gehienetan orubearen gainean lehenagotik ezerritako unitate ekonomikoaren izenaren antzinatasun bera eman nahi izatea adibidez. Izena eta orubea ez dira aldatzen, baina etxeak aldatu egiten du bere itxurakera denbora aurrera joan ahala.
Erdi Aroko Gipuzkoako nekazarien etxebizitzek ez zuten XV mendean egiten hasi ziren baserrien tankerarik. Horietako bat bera ere geratu ez den arren, badakigu oso txabola hauskorrak zirela eta ez erosoak, gainera. Oholezko txabolak ziren, baina ez ziren enborrekin egiten, habeekin egindakoa zuten barneko eskeletoa eta kanpoko lau paretak goitik beherako oholekin jarriak.
Gipuzkoan harrizko lehen baserriak XV mendean hasi ziren egiten eta mirespen eta inbidia sortarazi zuten auzokide guztien artean. Nekazari aberatsenek bakarrik egin zezaketen etxea “karez eta harrikozkorrez”, harria atera eta landu behar zuten hargin taldeei soldata bat ondainduz. Harri hormekin egindako etxe berriei buruzko albisteak XV mendeko azken hamarkadan gero eta ugariagoak ziren arren, gaur egun ezagutzen dugun baserri gipuzkoarraren jaiotza XVI mendearen lehen erdialdean izan zen.
Baserri pila bat egin ziren bapatean harriz eta egurrez gehienetan bi materialak ezin hobeto nahasten zituzten teknikak erabiliz.
Oraindik ere zutik diraute XVI mendean eraikitako ehundaka baserrik eta oso zaharrak izateaz gain, zurgintza eta harrilanagatik bereizten dira; ehundaka urte geroago egindako etxeak baino askoz kalitate hobeaz. Pentsaera moderno eta zorrotzarekin egindako baserriak dira. Egitekoak ondo bereizita dituzte eta barruan toki asko dute. Baserri mota asko dauden arren, guztiek bi solairu dituzte: behekoa, familiarentzat eta etxabereentzat eta goikoa, uzta pilatzeko.
Baserriaren historian sakondu nahi izanez gero eta eraikuntza teknikak, garai bateko lan eta bizi baldintzak, baserri motak, ... ezagutzeko interesa izanez gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1993an argitaratu zuen BERTAN bildumako BASERRIA liburua irakurtzea gomendatzen dizugu, Alberto Santanak maisuki idatzia eta Xabi Oteroren argazkiaz osatuta.
+ Info